Eraikinak oxigenatzen: landareekin arnasa emanez
Azken asteotan, Haur Hezkuntzako ikasleak proiektu berezi batean murgilduta ibili dira: eraikinen oxigenazioa landareen bidez. Proiektu honen bidez, haurrek landareek gure bizitzan duten garrantzia ezagutu dute, bereziki airearen kalitatea hobetzeko eta espazio osasuntsuagoak sortzeko duten ahalmena aztertuz.
Ikasleek esperimentazio, behaketa eta jolasen bidez ikertu dute landareek zer behar duten bizitzeko, nola zaintzen diren eta zein onura ekartzen dituzten gure ingurura. Gelan landareak zaindu dituzte, usainak, koloreak eta ehundurak aztertu dituzte, eta barruko espazioetan landareek duten garrantziaz hausnartu dute.
Proiektuaren barruan, Hernaniko udal eraikin ezberdinekin lankidetzan jardun dugu. Ikasleek eraikin horietara bisitak egin dituzte, espazioak behatu dituzte eta bertako beharrak identifikatzen saiatu dira. Ondoren, elkarlanean adostu dugu zein espaziotan izango zen egokiena landareak jartzea eta zer motatako landareak erabiliko ziren.
Landareak gelan landatu eta zaindu ondoren, haurrek beraiek eraman dituzte udal eraikinetara, opari gisa. Modu honetan, ikasleek zaintzaren, elkarlanaren eta komunitateari ekarpena egitearen balioa modu praktiko eta esanguratsuan bizitzeko aukera izan dute.
Proiektuak hainbat arlo uztartu ditu: zientzia, hizkuntza, matematika, sormena eta emozioen lanketa. Horrez gain, ikasleek ingurumenarekiko errespetua, ardura eta herriarekiko lotura indartu dituzte eguneroko esperientzien bidez.
Aratz Ikastolan, naturarekin konektatutako esperientziak bizitzen jarraitzen dugu, haurrek mundua ulertzeko, zaintzeko eta eraldatzeko tresnak garatu ditzaten.